2013(e)ko irailaren 26(a), osteguna

ANTTON ARAMBURU KONTZERTUA

Irailak 27, ostirala, gaueko 20:00etan beste kontzertu emanaldi bat egongo da Sastiñako ermitatxoan. Oraingoan Antton Aramburu eta Bakartiak etorriko dira gurera. Musikari lotua egon da betidanik Antton Arambururen bizitza. Gasteizen bizi den Busturiako musikari honek, azken bi urteak Euskal Herriko hainbat plaza eta antzokitan kontzertuak eskaintzen igaro ditu. Goraka diskotik ateratako Ametsez beteta abestiaren bideoa jartzen dut, bere musika ezagutzeko. Rocka, Folka, pop...ea gustatzen zaizuen!




2013(e)ko irailaren 23(a), astelehena

PEDAGOGIA ETA HAUR ABESBATZEN DINAMIZAZIORAKO IKASTAROA

Urriak 12 eta 13an, Gasteizen ikastaro interesgarri bat egongo da Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak antolatuta. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak babestua eta Gasteizeko "Jesus Guridi" musika kontserbatorioaren laguntzarekin  antolatuta dago. Ikastaro hau, formazio mailan nahiz zuzendaritzakoan haur koruekin harremana duten 17 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago.
Irakaslea Basilio Astulez izango da, hainbat sari jaso dituen koraletako zuzendari gaztea. Leioako Kantika Korala izeneko haur koroaren sortzailea da, baita emakumez osaturiko La Kantoria izeneko Koru gaztearena.
Hona hemen La kantoria koruak  Basilioren zuzendaritzapean egindako emanaldi bat, David Azurzaren Tirikitrauki abesten. Disfrutatu!

2013(e)ko irailaren 19(a), osteguna

EGUZKI TALDEARI OMENALDITXOA




Aurtengo San Martinetan jai batzordeak zein Udalak aho batez erabaki zuten txupinazoa bota eta pregoia irakurtzeko ardura Eguzki talde mitikoari uztea.
Eguzki erromeria taldeko Nicolas Gardoki soinu jole nekaezinaz akordatu ziren eta egindako lana eskertu gura izan zioten Gardokiri eta haren iloba diren Joxe eta Felixi.
Eguzki taldeak 50 urte baino gehiago egin zituen herriz herri, auzoz auzo, plazaz plaza, jaiak girotzen eta benetan merezita izan zuten omenalditxoa. Gainera herriko bertsolariek olerki bat prestatu zuten pregoiarekin batera herriak kantatzeko. Hona hemen abestiaren zati baten letra:

EGUZKI gure izena Aramaixon jaiotza
erromeriak dugu guk gure langintza
herririk herri beti kantari gabiltza
gazte ta nagusiari alaitzeko bihotza.
 
Hemen izango gara umore onarekin
ondo pasatu denok gure musikakin
tabernari ez ahaztu gure eztarriakin
ta zu neska polita etorri zaiz gurekin.
 
Agur gaztediari agur nagusiari
amaitutzera goaz ta ezkerrak denori
berriz izango gera zuentzat abeslari
deitu nahi dozunean EGUZKI taldeari.

 

 

2013(e)ko irailaren 12(a), osteguna

DÉU N´HI DOren KONTZERTUA

Ostiralean, Irailak 13an, Deu n´H´ Hi Do Swing band-en kontzertua egongo da sastiñan, Vital Kutxaren udako programa kulturalaren barruan. Aurreko ostiraleko giroa ikusita, joan egin beharko!! Bideotxo bat aurkitu dut bere emanaldi batena, eta dantzara animatzen duen musika jotzen dute. Animatu eta etorri Aramaiora!!

2013(e)ko irailaren 9(a), astelehena

EMANALDI HUNKIGARRIA

Musikaz musika blogean saltseatzen nenbilela bideo hau aurkitu nuen, eta benetan hunkituta utzi ninduen.

Wuppertal-en (Alemania), txundituta geratu ziren haur abesbatza baten kontzertura joan zirenak. Arrazoia, haurren ahotsen kalitateaz gain, emanaldian gertatu zen zerbait.
Haur abesbatza Tears For Tears taldearen Mad World abesten hasi zen, eta, bat-batean, taldeko haur batek abesbatza utzi eta kantatzeari utzi zion. Handik segundo gutxira beste batek berdina egin zuen, eta egoera errepikatu egin zen koruko haur bat bakarrik geratu zen arte. Egoera hartan, gertatzen ari zena azaleratu zen...

Bakarrik geratu zen haurrak datu bat eman zuen: "Hiru segundoan behin munduak haur bat galtzen du ekidin zitezkeen arrazoiengatik". Guztia Children's Fund gobernuz kanpoko erakundearen kontzientziazio-ekintza bat izan zen, Haurren Nazioarteko Eguna zela eta.

 
 
Bertsio originala Tears for Fears taldearena da, 1982.urtekoa.





2013(e)ko irailaren 5(a), osteguna

JAZZ 4 JOY KONTZERTUA ARAMAION

Bihar Ostirala, Irailak 6, udako kontzertuak bueltatuko dira Aramaixora. Aramaioko udalaren eskutik iraileko ostiral guztietan kontzertu ezberdinak ikusteko eta disfrutatzeko aukera izango dugu Sastiñako ermitatxoan, herriko plazan. Oso emanaldi bereziak izaten dira; eguraldi txarrarekin ermita barruan izaten dira eta esan beharra dago lekuak oso akustika ona duela eta berezia egiten duela kontzertua. Euririk ez badu egiten, ermita aurrean izaten da eta jendea poteoan dabilen bitartean zuzeneko musikarekin gozatzeko aukera izaten du. Oso giro polita sortzen da plazan eta mundu guztiak disfrutatzen du emanaldiarekin.

Ostiral honetak, hilak 6an, JAZZ 4 JOY talde arabarra dator gurera. Hauen musika jazz, swimg, bossa eta bertsioez osatzen da. Kontzertua arratsaldeko 8retan izango da. Disfrutatzeko Jazz-a, publiko guztiarentzako egina, entzuteko eta gozatzeko, dastatzeko jazza!

2013(e)ko irailaren 3(a), asteartea

LANG LANG BILBON

IZUGARRIA!!
 
BOSen eskutik, Lang Lang berriro izango da Euskalduna Jauregiko Auditoriumean, 2013ko urriaren 1ean, pianoko bakar-saio bikaina eskaintzeko, izan ere, Mozarten Sonatak eta Chopinen Baladak interpretatuko ditu errezitaldian.

Lang Lang txinatar piano-jotzailearen eragina musika klasikoa baino harago doa, eta interpretazio bikaintasuna, talentuaren garapena eta esfortzua bezalako kontzeptuetan mundu mailako erreferente bihurtu da. Lang Langek ez du bakarrik kontzertu aretoetan ibilbide meteorikoa garatu; bestelako alderdietan ere zeresan handia du, izan ere, UNICEFen eta Telefónica markaren enbaxadorea da; azken horrekin ekintza bateratuak garatzen ditu, konpromiso sozialaren, hezkuntzaren, kulturaren eta teknologiaren esparruetan.


EMELI SANDE

Eskozian jaiotako abeslari eta musikagilea, soul eta R&B estiloak jorratzen ditu, oso ongi gainera. Abesti hau bereziki gustatzen zait, bere ahotsa eta piano bat bakarrik entzuten direlako. Pianoko nire ikaslea den Sara Alonsok deskubritu zidan abesti hau eta momentu honetan tutorialak ikusi eta ikusi nabil partitura ateratzeko. Hemen kontzertu bateko bideo bat jartzen dizuet baina datorren ikasturtean Sararen bertsioa itsastea hitzematen dizuet!

2013(e)ko irailaren 1(a), igandea

TXIRULARAKO PARTITURAK

Aurtengo ikasturtean Hizkuntza musikaleko klaseetan txirula erabiliko dugu notak ezagutzeko. Link honetan WIXaren bitartez egin dudan bilketa bat aurkituko duzue.