2014(e)ko martxoaren 12(a), asteazkena

PAPARGORRI ABESBATZA: BARRIA 2014

Otsaileko 23 eta 24ean Aramaioko Papargorri abesbatza Barrian egon zen 2014 urteko Egun Korala prestatzen. Larunbat goizean 9retan autobusa hartu eta Gasteizera joan ginen beste abesbatzetako haurrak hartzera. 10:30ak inguru heldu ginen Barriara izugarrizko eguzkiarekin batera eta maletak gure geletan utzi ondoren areto nagusira joan ginen. Bertan gonbidatutako zuzendariak, Arabatxoko arduradunak eta beste zuzendari guztiak aurkeztu ginen eta lanean jarri ginen guztiak.

Goiza kantu batean eman ondoren bazkaltzeko ordua heldu zen. Mahai bakoitzean haurren artean bi arduradun izendatu ziren janaria mahaietara eramateko, janaria banatzeko, mahaia jasotzeko eta garbitzeko. Oso ondo moldatu ziren, etxean baino hobeto seguru!

Bazkaldu ondoren atsedenaldi pixka bat eta berriz ere lanera! Mitxel pianoan eta neu (Larraitz) zuzentzen, "La vía de los sueños" ipuin musikala prestatzen jarraitu genuen. Ipuin honen autorea ezin izan zen Barriara etorri eta horregatik tokatu zitzaidan zuzendari lanak egitea. Eskerrak Mitxel eta Sandra (Samaniego eskolako abesbatzaren zuzendaria) nituela laguntzaile.
Beste atsedenaldi bat egin genuen eta Garazi Rodero-ren urtebetetzea zenez, bere amak ekarritako bizkotxoa jan genuen. Momentu polita benetan!! Eskerrik asko Dorleta!!

Eguneko entseguekin bukatzeko Tuttiak (galdetu haurrei zer den, beraiek jakingo dute eta) abestu genituen. Lehenengo Aitor Biain, Oñatiko Ganbara abesbatzaren zuzendariarekin egin genuen lan: Cantar! eta Muxu, ikaragarri gustatu zitzaien abestiak. Gero Mireia Besora katalanaren txanda izan zen eta honek proposatu zuena Quidlied bat izan zen. Quidlied esaten diogu kanta ezberdinak batzen dituen kantu bakar bati. Papargorrikoek honekin pixkat aluzinatu zuten, momentu horretan ikusi nituen aurpegiak ahazteziñak dira.

Lehenengo eguneko entseguak bukatuta, afaltzera! Eta afaldu ondoren.... pelikula palomitekin!! Hasiera batean Frozen ikusi behar genuen eta ze txaskoa hartu zuten haurrek beste pelikula bat zela jakin zutenean. Hori bai! palomitak ederrak eh? Egia esan ez zuten pelikula osoa ikusi, geletara joateko gogoa zuten eta. Hortaz, denok gelara!!!

Eta geletan, imajinatu! Juerga apurtxo bat, berbak, "candastap" dantza..... Oso berandu lokartu ginen eta hurrengo egunean esnatzeko Komediak!!!!

Igandean esnatu, maletak prest utzi eta gosaltzera. Eta gero....Kantuan berriz! Haurrak kantzauta baina dena ematen. Eskerrak Mitxelek eta nik deskantso ugari egin genituela bestela....

Asteburu polita benetan, niretzat lehenengo aldia zen baina abesbatzarako oso aproposa izan zela uste dut. Taldea indartu egiten da, nire harremana beraiekiko, haurrak gehiago ezagutzen dira, beste abesbatzen errealitateak ezagutzen dituzte, beste zuzendariekin lan egiten dute, lagunak egin... Nahiz eta beraientzat gogorra izan, lan handia egiten dute eta, merezi du esperientziak eta datorren urtean guztiok errepikatzea espero dut.

Oso harro nago nire taldeaz, bikainak dira, arduratsuak eta alaiak, langileak.... Gora Papargorri!!!!

Argazki pila bat atera genituen. Klikatu eta disfrutatu!!!

BARRIA 2014 ARGAZKIAK

2 iruzkin: