2013(e)ko uztailaren 20(a), larunbata

DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA 2013

Donostiako Musika Hamabostaldia Espainiako musika klasikoko jaialdi zaharrenetakoa da eta beteranoetakoa Europan. 1939an sortu zen hiriko ostalari eta merkatarien kezka eta bultzadari esker, urte batzuk beranduago Nazioarteko Zinemaldia jaioko zen moduan, uda sasoiko eskaintza turistikoa aberasteko asmoz. Horretarako, XIX. eta XX. mendeen artean hirian zegoen musika tradizioaren lekukoa jaso zuten: Donostiako Orfeoiaren sorrera, Gran Kursaal Kasinoko orkestrak,   gerratik Victoria Eugenia Antzokian babesa aurkitu zuten europar artista handiak…


Jaialdiaren lehen aro arrakastatsuak 60ko hamarkadaren bukaeraraino iraun zuen, orduko istilu politikoek eta ohitura turistiko berriek kinka larrian utzi baitzuten Musika Hamabostaldia. 1979an Udalak hartu zuen jaialdiaren ardura eta pixkanaka suspertzen hasi zen, harik eta 1991ean sozietate kudeatzailea eratu arte, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin. Gaur egun, ikusleen babes handia du jaialdiak eta aretoak lepo betetzen dituzte. Ildo horretatik, Hamabostaldiaren 2.000 Lagunak ekimen honen zutabeetako bat dira, zalantzarik gabe.
Opera, balleta, orkestra sinfoniko handiak, ganbera talde txikiak, organo erromantikoa, abesbatzak, musikagile garaikideak, etorkizun oparoko bertako artistak, nazioarteko musikari apartak, haur ikuskizunak... denak du bere txokoa jaialdi honetan. Gainera, haren durundia Kursaal eta Victoria Eugenia egoitza nagusietatik harago entzuten da, Donostiako nahiz Gipuzkoako hainbat espazio paregabetara heltzen baita. 
 
Musika Hamabostaldiak heldutasuna erdietsi du eta horrek etorkizunari ilusioz, anbizioz eta irmotasunez begiratzeko aukera ematen dio.  Hala, jaialdiak publiko berriak bilatzeari ekin dio, musika klasikoko jaialdi guztiek duten erronkarekin bat eginez.

Zuen gustuko emanaldia aukeratu eta disfrutatzera!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina